24 de noviembre de 2012

7.000 lagunek hezkuntza alorrean UPNren Gobernuak egin dituen murrizketak salatu dituzte Iruñean

Naiz.info
Manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Iruñean LAB, STEE-EILAS, CCOO, AFAPNA, ANPE, CSIF, ELA eta UGT sindikatuek, Sortzen Ikasbatuaz eta Herrikoa elkarteek, Ikasleen Sindikatuak eta Ikasle Abertzaleek deituta. Antolatzaileen arabera, 7.000 lagun inguruk bat egin dute mobilizazioarekin. Udaltzaingoaren arabera, berriz, 5.000 pertsona bildu dira.

Antoniuttitik abiatu da martxa, «Por una educación pública de calidad. Murrizketarik ez» lelopean, eta Sarasate pasealekuan bukatu da. Armadaren etorbide osoa bete dute manifestariek. Manifestazioaren buruan antzerki eskolako ikasleak joan dira, trikiti, txistu, tronpeta eta besterekin musika joz, beraiek ere murrizketak jasan dituztela salatzeko.



Bukaerako ekitaldian, Ana Ansak (ama) eta IAko Antxon Barberiak hartu dute hitza. UPNk 2013rako aurkeztutako aurrekontuak atzera bota izana txalotu dute eta «hiritar guztion eta hezkuntza komunitatearen lorpena» izan dela nabarmendu dute. Aurreko ikasturtean egindako mobilizazioen ondorio dela esan dute.
Hala ere, adierazi dutenez, «galdutako inbertsioa» ez dute errekuperatu eta aurrekontu horien «ezkutuko oinarri ideologikoak bertan behera utzi arte» mobilizatzen jarraitu beharko dute.

Barberiak eta Ansak pertsona guztien beharrak aseko dituen hezkuntza aldarrikatu dute, «familien, ikasleen eta irakasleen eskuhartzea bermatzen duena, gertuagoa den kurrikuluma duena. Hezkuntzarako baliabide nahikoak behar ditugu».

Jose Iribas Hezkuntza kontseilariarentzat ere izan dituzte hitzak eta kezkatuta azaldu dira hark hezkuntza lege berriari buruz esandakoengatik. Lege horrek, berain ustez, «atzerakoia, guztiz neoliberala eta merkantilista den ideologia baitu sustraian, «pribatizatzeko asmoa agerian du eta hori hezkuntzaren kalteatearen aurka doa».

Horregatik, Iribasi eskatu diote bere ardura utz dezlaa, «kudeaketa egokia egiteko gai ez den aldetik eta hezkuntza publikoa defendatzeko gai ez den aldetik».
Ikastetxe, klaustro, ikasle batzar, eskola kontseilu, guraso elkarte eta sindikatuei eskola publikoa defendatzen jarrai dezatela galdegin diete, «guztion artean beharrezkoak ditugun giza eta diru baliabideak lortzeko».